Mardi 29 janvier, 2019

Munduari bira emateko bost partitura

Munduari bira emateko bost partitura

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 'Mundubira musika bidelagun' proiektua aurkezten du; hau da bere ekarpena Juan Sebastian Elkano euskal marinela protagonista izan zuen munduari egindako lehen biraren 500. urteurrenaren oroitzari.   

Proiektu honen baitan, bost obra enkargatu zaizkie beste hainbeste euskal konpositoreri, musika jar diezaieten espedizioaren zati ezberdinei eta, guztiak batera bidaiaren osotasuna islatuko dute.

Robert Treviñoren zigilua daraman proiektua da eta euskal kultura eta musika babesteko bere ahalegin berezia erakusten du hilabetetako lanaren emaitza den proiektu honek. 

Jakina da euskaldunek presentzia eta protagonismo nabarmena izan zutela munduari egindako lehen biran. Espedizio hartan, Juan Sebastian Elkanok ezinbesteko rola jokatu zuen, eta bera izan zen bira egiten lehen marinela. 2019ko hasieratik 2022ra arte espedizio haren bosgarren mendeurrena izango denez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, herrialdean kultur erreferente bat izateko duen bokazioaren baitan, garrantzizkotzat jo du Elkano aztertu, ikertu eta arakatzeko lanean ekarpena egitea, betiere musikaren arlotik.

Ibilbide honetan berebiziko garrantzia izan du Robert Treviño zuzendari titularraren lanak, nork euskal musika garaikidearen sorkuntzan sakontzen jarraitu duen. Gainera, modu berezian murgildu da Eresbilen (Euskal Musikaren Artxibategia) eta bere ikuspegi artistikoa partekatu du gure Elkano eta bere mundubira musikala egituratzeko ahalbidean.

Hausnarketa-prozesu honen emaitza gisa, eta gure historiarekiko konpromisoaren erakusgarri, Euskadiko Orkestrak musika-abentura berri honi ekin dio. Getariako marinelak egindako bidaia gogora ekarriz, bost euskal konpositoreri proposatu die beste hainbeste konposizio sortzeko, argibide bakar bezala emanez bidaiaren zati ezberdinetan zentratzea. Musika-zati guztiak elkartzean, munduaren bira osatuko da, erabat berritzailea den musika-ikuspuntu batetik.

Horrela, bada, 2019/2020, 2020/2021 eta 2021/2022 Denboraldietan barrena estreinatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bost enkarguak. Horietako bakoitza programa bereizi banatan aurkeztu eta grabatuko da, eta proiektuaren amaieran CD bakarrean argitaratuko dira guztiak. Ibilbide hau guztia eta emaitza izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Elkano eta bere bidaia ezagutzera emateko egingo duen ekarpen nabarmena.

Horixe izango da Mundubira 500: Elkano Fundazioarekin bat egiteko modua Orkestrarentzat. Elkanoren ezagutza sustatzeko eta oraindik ere hainbat alorretan nahiko ezezaguna den bere historiari buruz ikertzen jarraitzeko proiektuak koordinatzeko helburuarekin sortu da fundazio hau.

Bost konposatzaileak honakoak dira, enkargu eta estreinaldi hurrenkeraren arabera: Mikel Chamizo, Mikel Urquiza, Joël Mérah, Teresa Catalán eta Zuriñe F Gerenabarrena. Bost egileak hainbat euskal lurraldetakoak dira eta zenbaki horrek espedizioan abiatu ziren bost ontziei egiten die erreferentzia.

 

Mikel Chamizo (Tolosa, 1980):

“Espedizioaren irteera, 1519” (estreinaldia 2019ko udazkenean)

Mikel Urquiza (Bilbo, 1988):

“Hego Amerika” (estreinaldia 2020ko udaberrian)

Joël Mérah (Clichy, 1969):

“Ozeano Barea, Asia” (estreinaldia 2020ko udazkenean)

Teresa Catalán (Iruña, 1951):

“India, Afrika” (estreinaldia 2021eko udaberrian)

Zuriñe F Gerenabarrena (Gasteiz, 1965):

“Itzulera, 1522” (estreinaldia 2022ko udaberrian)

 

Ezker-eskuin: Mikel Chamizo, Teresa Catalán, Oriol Roch, Bingen Zupiria, Robert Treviño, Zuriñe F Gerenabarrena, Joël Mérah, Mikel Urquiza

 

TESELAri jarraipena ematen

 

Orkestrak 30 urte bete zituenean gauzatu zen TESELA proiektuak hasi zuen zirkulua marrazten jarraituko du musika-proiektu berri honek.

Orduan jatorri ezberdinetako sona handiko konpositoreei zortzi obra eskatu zitzaizkien. Euskal kultura ideia komun bakartzat hartuta musika garaikidearen mosaiko bat osatzen zuten teselak ziren. Hain justu orain planteatutakoaren kontrakoa izan zen hura. Orduan, nazioarteko konpositoreek Euskal Herrian jarri zuten begirada, oraingoan, berriz, Elkanoren begirada honen bidez, euskal musikagile hauek bidaiatzera eramango gaituzte lehen mundubira hura gogora ekarriz. Bi kasuetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak argi utzi du sorkuntzaren sustatzaile dela, eta kultur balio handiko musika-ondarea utzi(ko) du.

 

 

Bost musikagile, munduari bira bat

 

Jarraian, munduan barrenako musika-bidaia honen bost musikagile protagonistek proposatzen dizkiguten obren lehen ideia eta hausnarketak doaz, baita euren biografiak ere.

 

Mikel Chamizo (Tolosa, 1980): Navigare necesse est

Elkanoren ibilerei musika jartzen lehena Mikel Chamizo izango da. Espresuki eskatu zaio berari ahots koralari tarte bat eskaintzeko partituran, eta Bilboko Koral Elkarteak interpretatuko du zati hori. Chamizok 1519ko espedizioaren irteerari erreparatuko dio, eta datorren udazkenean estreinatuko du obra, 2019/2020 Denboraldiaren hasieran.

Hona hemen Mikel Chamizoren azalpena bere obrari buruz:

“Navigare necesse est, vivere non necesse (Nabigatzea beharrezkoa da; bizitzea ez da beharrezkoa) esaldia Plutarkoren Bizitza paraleloak obran agertzen da, nahiz eta Ponpeiorena den; hain zuzen, hitz horiez adoretu zituen bere marinelak, seguruenik beren bizitzak amaituko lituzkeen ekaitz handi baten erdian itsasoratu nahi ez zutenean. Baina esaldi horrek, halaber, bi errealitate biltzen ditu: alde batetik, gizarteen hasiera-hasieratik nabigatzeak zuen garrantzi estrategikoa, eta, bestetik, protagonistek bere gain hartzen zuten arrisku pertsonal ikaragarria.

Magallaesek eta Elkanok munduan zehar egin zuten espedizioa –«bigarren Odisea», Stefan Zweigen arabera–, bizitzari aurre egiteko modu paradigmatikoa da, orain existitu ezin dena. Amerika eta Asiaren arteko igarobide bat bilatzea zen Magallaesen fedeak bultzatutako proiektua; kartografiatu gabe zegoen munduko eremu batean barneratu behar ziren, eta, seguru asko, zoritxarreko amaiera izango zuen. Nola prestatu ziren Elkano eta bere gizonak halako egitandi baterako? Zer ahalmen mentalekin egiten zioten aurre egoera ezezagunen beldurrari?

Navigare necesse est obra Magallaesen eta Elkanoren bidaiaren hasieran oinarritzen da, eta hiru ataletan banatuta dago: abesbatzak protagonizatuko duen erritu erlijioso bat –luzerako ontziratu baino lehen egin ohi zuten–; Sanlúcar de Barramedako portuko soinu-paisaiaren birsortze irudikatu bat, bertatik barneratu baitziren Ozeano Atlantikoan Magallaesen itsasontziak; eta itsasoan nabigatzen eman zituzten lehen minutuak, gero gizadiaren historiako abentura izugarrietariko batera eramango zituztenak.”

Mikel Chamizok Musikenen ikasi zuen konposizioa Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka eta Stefano Scaranirekin. Bere musika Frantzia, Suitza, Italia, Polonia, Suedia edo Txile bezalako herrialdeetan interpretatu dute, La Biennale di Venezia, Donostiako Musika Hamabostaldia eta Musikaste bezalako zikloetan. Bere proiektu berrienetako batzuk hauek dira: Bertso berriyak jartzera nua, Maialen Lujanbiorekin batera bertsolaritza musikalki arakatzeko proiektua, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matinéeen zikloan estreinatutakoa; Espirals, Ensemble Orquesta de Cadaqués delakoarentzat idatzitakoa; edota Soinua iratzarri musika garaikideko proiektu pedagogikoa, Donostia 2016k Europako Kultur Hiriburutza proiektuaren baitan nabarmendu zuen ekimenetako bat.

 

Mikel Urquiza (Bilbo, 1988)

Lekukoa Mikel Urquizak hartuko du, eta “Hego Amerikan” zentratuko da. 2020ko udaberrian estreinatuko du bere obra.

Mikel Urquiza beraren hitzetan:

 “Euskadiko Orkestraren zuzendaritzak proiektu handi honetan parte hartzeko proposamena egin dit. Proiektuaren helburu nagusia da Elkanok Lurraren inguruan egin zuen bidaia erakustea. Arreta espedizioaren etapa jakin batean jartzeko eskatu dit; hain zuzen ere, Hego Amerikako etapan, non, oraindik Magallaesen buruzagitzapean, gaur egun Brasil eta Argentina diren lurraldeetan egin zuten geldialdia.

Elkanok Hego Amerikan zehar egin zuen bidaiak nigan pizten du, berehala, geroagoko migrazioen oroitzapena: norabide berean egin diren migrazioak, euskal diasporaren mundu-mugimendu baten parte izanik, eta, oraintsukoak, alderantzizko norabidean, gure artean hegoamerikar ugari bizitzea eragin dutenak.

Kartografiatu gabeko itsaso batean nabigatzeko nahiz herrialde ezezagun eta, maiz, etsaiz beteriko batera lekualdatzeko, adimena, erabakitasuna eta ausardia behar dira. Oraindik ez dakit nola antolatuko ditudan ideia horiek musikalki, baina badakit heroia baino gizona goraipatuko dudala, bere egitandiaren bitartez gure inguruan existitzen diren eta ikusezinak diren beste hainbat omenduz.”

Urquizak ere Gabriel Erkorekarekin eta Ramon Lazkanorekin konposizioa ikasi zuen eta ondoren Parisen jarraitu zuen ikasketekin. Han bizi da gaur egun, eta Frantziako hainbat musikarirentzat idatzi eta lan egiten du: Wilhem Latchoumia pianojolea, Quatuor Diotima, l’Instant Donné eta Ensemble Intercontemporain. Alemanian finkatutako beste artista batzuekin ere aritzen da: Sarah Maria Sun sopranoa, emsemble mosaik, ensemble ascolta eta Catch hirukotea, ECLAT bezalako jaialdietan edo Koloniako Filarmonikoaren denboradian. Euskal musika-erakunde garrantzitsuenekin lankidetzan aritzen da: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, BBVA Fundazioa, Donostiako Musika Hamabostaldia eta Musikagileak.

 

Joël Mérah (Clichy, 1969)

Joël Mérah Iparraldeko konpositoreak “Asiako Ozeano Bareko” uretan barrena eramango gaitu. 2020ko udazkenean izango da, eta soprano baten ahotsa hartuko du barne.

Horrela deskribatu du berak orain lantzen ari den obra :

“Bi izenburu posible ditu obrak: …un certain parfum de sagesse II edo …Jakinduriaren usaina II.

Bi mugimendutan: 1/ Han - Hor - eta – Hemen; 2/ Zure inguruan.

Juan Sebastian Elkanoren mundu-biraren 500. urteurrena ospatzeko konposatu nahi dudan orkestrarako obra, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak enkargatu didana, espazio handiek eta bidaiek pizten duten bake-sentimenduak bideratuko du. Bakearen ideia horrek erreferentzia egiten dio Elkanoren eta Ozeano Barean zehar berarekin joan ziren gizonen espiritua bete zuen sentimenduari. Magallaesek jarri zion «Barea» izena ozeanoari, itsasaldian zehar izan zuten eguraldi onagatik. Kanpo-mundua eta mundu epikoa baino, barne-mundua ekarri nahi dut gogora (Juan Sebastian Elkanorena, seguruenik).

Hori guztia nabarmentzeko, Joxean Artzeren idazluma ere erakuts lezake konposizioak. Bidaia- eta barne-sentimendu hori oroitarazten duen poema bat aukeratu beharko litzateke, nolabaiteko jakinduria-usain bat; eta, beharbada, orkestran sartuko litzatekeen ahots batek kantatuko luke.”

Mérahk Baionan hasi zituen bere ikasketak eta Parisen jarraitu zuen. Paris, Bordele, Baiona, Irun, Tokio eta beste hiri batzuetako talde eta orkestrekin egiten du lan eta musika-genero guztiak jorratzen ditu (ganbera-musika, solista, orkestra, opera, balleta, zinea…). Hainbat konposizio-sari jaso ditu, eta horietako azpimarragarriena Tokioko Toru Takemitsu lehen saria da. L’Ensemble 0 musika-taldearen kidea da, eta Baionako Maurice Ravel Kontserbatorioan irakasle aritzen da.

 

Teresa Catalán (Iruña, 1951)

Teresa Catalán Elkanoren konpositore-talde honetako kide helduena da. “India, Afrikatik” hasiko du etxerako itzulia, 2021eko udaberrian. Catalánek zenbait sari eskuratu ditu interpretazio, konposizio, musika-ibilbidearen aintzatespen arloetan (2017ko Musikaren Sari Nazionala, adibidez). Kide hautetsia da JAKIUNDEn, Nafarroako Gobernuko Kultura Kontseiluan eta Konposizio eta Instrumentazioko Katedratiko Emeritoa da Madrilgo Musikaren Goi Kontserbatorioan. Bere sorkuntzak jaialdi garrantzitsuetan programatu dituzte, zenbait herrialdetan. Interprete eta bertako zein nazioarteko erakunde ugariren enkarguak jaso ditu, eta sarri eskaintzen ditu ikastaroak eta hitzaldiak hainbat herrialdetako jaialdi, instituzio, unibertsitate eta kontserbatoriotan.

 

Zuriñe F Gerenabarrena (Gasteiz, 1965)

Arabako konposatzaile Zuriñe F Gerenabarrenak hiru urteko bidaiari amaiera emango dio “1522eko itzulerarekin”. Trabesiaren estreinaldia eta itxiera 2022ko udaberrian izango da.

Gerenabarrenak lantzen ari den obraren zati bat iragarri du:

“Konposizioak 8-10 minutu inguruko iraupena izango du.

Obra bakoitzarekin, teselen antzera, euskal nabigatzaileak munduan zehar egin zuen bidaiaren ikuspegia osatzearen ideiaren barruan (irteera, espedizioan nabigatu zituen tokiak eta izan zituen oztopoak eta itzulera), nik azken etapari helduko diot, alegia, itzulerari.

Magallaesen eta Elkanoren bidaldiak (bai eta bidaia espazialek, aurrerapen zientifiko eta teknologikoek eta naturako fenomenoek ere), garai hartan munduaren inguruan zuten ideia zabaldu zuen, eta horrek gure ziurtasunez duda egitea eragin du eta mugigaitzak ziren ideien inguruan bi aldiz pentsatzera behartzen gaitu. Egintza horiek geure burua zabaltzen dute, eta geure burua berrasmatzen eta gure irudimena areagotzen laguntzen dute. Obra honek bidaiaren metafora bat izan nahi du, bai ezbeharretan gogor eutsi eta aurrera egiteari bai helmugara iristeko energiari dagokienez.

Obra idazteko, obra elektroakustikoekin lortutako esperientzietatik abiatuko naiz, tratamendu instrumentalean nahasi nahi baititut pentsamendu elektronikotik eratorritako soinu-elementuak.

Nire asmoa ez da pieza programatiko edo deskriptibo bat egitea, baina esplorazioa lantzeko desioa dut, iluntasunari eta zailtasunari lotutako soinu-eremutik, eta testura argitsuagoekin aldizkatuta, non perkusioa eta metala nagusitzen diren; batzuetan, erabateko soinu gisa, eta, beste batzuetan, kolore gisa.

Gerenabarrenak Carmelo Bernaola eta Franco Donatonirekin estudiatu zuen. Konposatzaile moldakorra da, eta arlo askotako obrak idatzi ditu: solista-lanak, orkestra sinfonikoa, antzerkia, dantza, zine-musikaren orkestrazioak, elektroakustika eta diziplina anitzeko proiektuak. Egile bezala aurkeztu ohi da Europako eta Ameriketako nazioarteko foro ugaritan. Bere musika orkestra, ensemble eta instrumentujole askok interpretatu dute, eta Euskal Herriko, Europako eta Japoniako erakundeen enkarguak eta laguntzak jaso izan ditu. Musikenen garatzen du bere karrera Gerenabarrenak ere.

Prochains événements

Concerts & Billetterie avril

1 Lu
2 Ma
3 Me
4 Je
5 Ve
6 Sa
7 Di
8 Lu
9 Ma
10 Me
11 Je
12 Ve
13 Sa
13 avril, 2024 Samedi, 11:00 h.
Matinées de Miramon Matinée 12: Euskal Herriko Gazte Abesbatza Donostia
Matinée 12: Euskal Herriko Gazte Abesbatza
13 avril, 2024 Samedi, 18:00 h.
Salle de Musique Misterioa Donostia
Misterioa
14 Di
14 avril, 2024 Dimanche, 18:00 h.
Salle de Musique Misterioa Vitoria/Gasteiz
Misterioa
15 Lu
16 Ma
17 Me
18 Je
18 avril, 2024 Jeudi, 19:30 h.
Saison symphonique Die Ersten Menschen Robert Treviño Bilbao/Bilbo
Die Ersten Menschen
19 Ve
20 Sa
20 avril, 2024 Samedi, 19:00 h.
Saison symphonique Die Ersten Menschen Robert Treviño Bilbao/Bilbo
Die Ersten Menschen
21 Di
22 Lu
23 Ma
24 Me
25 Je
26 Ve
26 avril, 2024 Vendredi, 19:30 h.
Saison symphonique Mozart / Bruckner Marie Jacquot Vitoria/Gasteiz
Mozart / Bruckner
27 Sa
27 avril, 2024 Samedi, 11:00 h.
Matinées de Miramon Matinée 13: Quatuor Aurora Donostia
Matinée 13: Quatuor Aurora
28 Di
29 Lu
29 avril, 2024 Lundi, 19:30 h.
Saison symphonique Mozart / Bruckner Marie Jacquot Pamplona/Iruña Acheter des billets
Mozart / Bruckner
30 Ma
30 avril, 2024 Mardi, 19:30 h.
Saison symphonique Mozart / Bruckner Marie Jacquot Bilbao/Bilbo Acheter des billets
Mozart / Bruckner