“Utopiak”, Sigma Project Miramongo Matinéetan azaroaren 17 larunbatean

Larunbata honetan, hilak 17an Miramongo Matinéeak zikloak Sigma Project saxofoi laukotea hartuko du Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokian. Kontzertua, "Utopiak" izenburupean, tradizioa eta gaurkotasuna ehuntzen dituen sare baten gisa aurkezten da: saxofoia sonoritateen itzultzaile bilakaturik agertzen da esperientzia honetan, aintzinako zentzuak lengoaia berrien bidez adierazteko bide bihurturik.
Transkribapena "musika errenazimendu" bezala ulerturik, SIGMA PROJECT-ek Salvatore Sciarrino konpositore garaikide italiarrak burututako XIV, XVI eta XVII. mendeko piezen transkribapenak interpretatuko ditu. Musikagileak Pagine zikloan (2001) eta Canzionere da Scarlatti bilduman (2002) jasotako hauetan originalarekiko konpromezu ia didaktikoa gailentzen da.
Egitaraua osotuz, Félix Ibarrondo eta Ramon Lazkanok SIGMA PROJECT-i eskainitako lanak. Aikan, Félix Ibarrondok 2009an sortua, eta aurten estreinatu berri den Ramon Lazkanoren Jalkin obrek osotzen dute "Utopiak". Ibarrondoren beraren esanetan, Aikan (asmaturiko terminoa) modu naturalean kokatzen da bere obraren mosaikoan; "hotsean adierazi eta gainezka egiten duten barne bultzadak dira, saxofoiarena bezalako tinbre berezian errealitate bihurturik". Ramon Lazkanok honela definitzen du bere Jalkin, BBVA Fundazioak SIGMA PROJECT-entzat eskatua: "gure oroimenarekin lotu eta denboran kokatzen gaituen hots baten arrastoa harrapatzeko ahalegina". Larunbatean bi konpositoreak EOSen egoitzako eszenatokira igoko dira lan hauek entzulegoari aurkezteko.
SIGMA PROJECT izenez, 2007an egungo sorkuntzarekin erabat lotutako Andrés Gomis, Josetxo Silguero, Ángel Soria eta Miguel Romero saxofoi bakarlariek espainiar ganbera-musikaren panoraman iraultza bat bultzatzea erabaki zuten, Saxofoirako errepertorioa zein espazioa eta kontzertuen eszenaratzea berritzearen alde egindako apostuak konpositoreen interesa piztu du eta, musikariekin lankidetza estuan, ohi ez bezalako estreinaldiak burutu dituzte. Beti erronka berriei aurre egin, lankidetzan ari eta beste diziplinekin uztartzeko prest, SIGMA PROJECT-ek hotsaren inguruko hausnarketa, azterketa zein ikerketan aritzeagatik nabarmentzen darrai, etengabeko bilaketan eta teknologia berriak erabiliz. Aurki estreinatuko dituzten obren artean, Félix Ibarrondoren IZARBIL ORCAM-ekin eta Josep Maria Mestres Quadreny-ren Concert per a quatre OBC-rekin, biak saxofoi laukote eta orkestra sinfonikorako idatziak eta SIGMA PROJECT-i eskainiak.
Concerts & Billetterie mai



