Euskadiko Orkestra Madrilgo Auditorio Nazionalean

Bordeletik, bueltan bigarren bidaia oso denbora gutxian. Madrilera oraingoan, Auditorio Nazional ederrera eta gure Orkestraren zuzendari titular izandako Miguel Angel Gómez Martínez maisuak zuzenduta, David Ballesteros bere bigarrena kontzertino eta Josu De Solaun pianojotzailea bakarlari gonbidatu.
Arratsaldeko lauetan entsegu orokorrean, emozioa antzematen da jada eta telebista kamaraz inguratuta gaude, literalki. Batetik TVE-k kontzertua gerora emititzeko auditorioan jarritako bosta kamarak; Orkestrak zein bis interpretatuko duen galdetu eta partiturak eskatzen dizkigute, honela instrumentuen sarrerak aurreikusiz grabaketa on bat egiteko. Profesionaltasuna.
Eta bestetik, Donostiatik etorriak dira Oscar Tejedor errealizadorea eta Sincro-ko bere lantaldea. Orkestra baten funtzionamenduaren eta berau osatzen duten musikarien inguruko dokumental bat prestatzen ari dira, Orkestraren jarduera publiko zabalari helarazteko asmoz. Aurrerago emango dizkizuegu proiektu berri honen xehetasunak.
Gertu da kontzertuaren ordua. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) genialtasuna da gaurko egitarauaren ardatza: Egmont. Obertura, opus 84; Piano eta orkestrarako5. Kontzertua mi bemol maiorrean, opus 73, "Enperadorea" izenez ezagunagoa; eta 7. Sinfonia la maiorrean, opus 92. Monografikoa osatzen duten hiru maisulan hauek 1810-1812 urte bitartean sortu ziten Beethovenek, bere gorreria azken fasean zegoela.
Sarreran ezagun berri zein aspaldikoen agur beroak hasi dira. Auditorioaren 2324 eserlekuak ia bete dituzten entzuleen artean, Ainhoa Arteta sopranoa, Antón García Abril, José Peris, Agustín González Acilu eta Fernando Velázquez konpositoreak eta Lionel Morales eta Josu Okiñena pianojotzailea.
Egmont-ekin abiatu da kontzertua. Partiturak bederatzi zati ditu, gudu-triunfalismoaren eta bigarren maila batean dagoen amodiozko tramaren emozioaren artean dabiltzanak. Aurretik obertura dugu, heroitasun transzendenteduna; drama osoaren psikologia-antolaera zortzi minututan trinkotzen du. Ondoren, zera entzuten da auditorioan: "Orkestraren hotsa tinkoagoa eta goxoagoa da, geroz eta nortasun handiagoa du", hasiera bikaina iruditzen zaigu.
Ondoren Josu De Solaun pianojotzailea igo da eszenatokira, Pianorako kontzertua opus 73, Enperadorea izenez ezagunagoa dena interpretatzeko. Goitizen hau antza denez Johann Baptist Cramer konpositoreak eman zion, errepertorioko kontzertuen artean nabarmentzen duten dotorezia eta noblezia goraipatzeko.
Ezohikoa da Beethovenek pianoaren eta orkestraren artean sortutako oreka, orekarekin zuzenki lotuta, orkestrazio-aberastasuna dugu, pianoarekin harreman ezohikoa ezartzen duten instrumentu-aurkikuntzez betea. Lana ixten duten neurrietan ematen den piano-tinbal duoa horren adierazle da. Josu De Solaunen hatz arinak pianoan zehar doaz. Amaitzean ezntzulegoarengandik jasotako txaloak Granadosen La maja y el ruiseñor interpretatuz eskertu ditu.
Atsedenaldiaren ostean, 7. Sinfoniaren txanda da. "Dantzaren apoteosia" zela esan zuen Wagnerrek. Izan ere, erritmo-indarra sinfoniaren diskurtsoa sortzen duen osagaietako bat da, garai klasikoaren ezaugarri den erritmoaren estilizazio intelektuala apurtzen duen sakontasuna hartzen baitu. Carl Maria von Weber bezalako musikariak txundituta gelditu ziren. "Sinfonia honek Beethoven bere onetik aterata dagoela baieztatzen du" esan zuen Weberrek. Walther Krugek honela dio ere, 7. Sinfoniaren inguruan, Beethoveni buruzko bere kritika-testu ospetsuan: "Erabat neurrigabea; eldarnio bat; ez dago melosaren, harmoniaren, soinuaren eta hautemangarritasunaren zantzurik". Hori bera da, ziurrenik, sinfonia bikain honek sortu duen -eta egun ere sortzen duen- miresmenaren iturria.
Bravo eta txaloak gainezka auditorioan, bertaratutako entzulegoak Gómez Martínezen batuta birtuosoak Orkestra beste behin zuzentzea lortzen du, Juan Crisóstomo de Arriagaren Los Esclavos Felices obraren Oberturaren interpretatzioan. Emanaldiak gaina jo du!
Concerts & Billetterie juin

