Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalera itzuliko da

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Joaquin Achucarrok eta Gilbert Vargak bat egingo dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako Egile eta Interprete Handien Zikloaren 45. edizioaren itxiera-kontzertuan, ostiralean, maiatzak 18.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hautatu dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako Egile eta Interprete Handien Ziklo ezagunaren edizio berriari itxiera emateko. Kontzertua ostiralean izango da, maiatzak 18, 19:30ean Madrilgo Auditorio Nazionalean eta bertan parte hartuko dute Joaquin Achucarrok bakarlari gisa eta euskal orkestraren zuzendari titular izandako Gilbert Vargak zuzendari gisa. Hain justu, gainera, kontzertuaren bezperan, Unibertsitateak Achucarro Honoris Causa Doktore izendatuko du.
Joaquin Achucarro
1983ko apirilean Joaquin Achucarrok eta artean sortu berria zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lehendabizikoz eszenatokia partekatu zutenetik askotan gurutzatu izan dira pianojolearen eta Orkestraren bideak: Guggenheim Museoaren inaugurazioan, Txile eta Argentinan barrena egindako biran, Raveli eskainitako monografikoaren grabazioan eta Abonu-denboraldian antolatutako kontzertu asko eta askotan. Guztira, berrogeita hamar interpretazio baino gehiago egin ditu Achucarrok Orkestrarekin eta, horri esker, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu gehien eman dituen bakarlaria da.
Gilbert Varga
Euskadiko Orkestrak Joaquin Achucarrorekin duen harremana oso estua da, baina baita Gilbert Vargarena ere, hamar urtez jarraian izan baitzen (1998-2008) euskal orkestraren zuzendari titular. Orkestrak, Joaquin Achucarrok eta Gilbert Vargak elkarrekin gogora ekarriko dituzte garai horietako une musikal gogoangarrienak, adibidez, Buenos Airesko Colon antzoki entzutetsuan Orkestra estreinakoz aritu zenekoa. Beste adibide bat: BBVA Fundazioarekin eta Claves diskoetxearen erregistroarekin elkarlanean grabatu zituzten Ravelen pianorako kontzertuak, ondoren nazioarteko kritikaren aintzatespena jaso dutenak.
Programari dagokionez
Brahms, Beethoven eta Txaikovskiren obrek osatuko dute programa. Kontzertua Obertura académica op. 80 obrarekin hasiko da, Brahmsek 1880an idatzia; L. Beethovenen Piano eta orkestrarako 4. kontzertuarekin jarraituko du, Bosgarren sinfonia famatuaren esentzia darion sotiltasunez betetako partitura; eta Txaikovskiren 1877ko Laugarren sinfoniarekin amaituko da, kolore instrumentalez betetako eztanda batean.
Robert Treviñok RTVEren Orkestra zuzenduko du
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilen izango den une berean, bere zuzendari titular Robert Treviñok RTVEren Orkestra zuzenduko du aste honetan. RTVEren Orkestraren Abonu-denboraldiaren parte den kontzertu hau honako piezek osatuko dute: Richard Straussen Heriotza eta itxuraldaketa poema sinfonikoa eta Azken lau abestiak, eta Alexander Scriabinen Estasiaren poema. Kontzertua Radio Clásicak emango du zuzenean eta aurrerago Los conciertos de La 2 programan ere emango dute. Aipagarria da, gainera, kontzertuan Amanda Pabyan sopranoa arituko dela bakarlari lanetan eta, hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2017/18ko Abonu-denboraldiaren azken programan ere izango dela Pabyan. Azken programa hori, Messa di bellezza izenekoa, ekainaren 14tik 20ra izango da eta Giuseppe Verdiren Messa da Requiemaren interpretazioa izango du oinarri.
Concerts & Billetterie avril

