Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, urriak 2

Euskadiko Orkestraren ganbera-zikloak 30 denboraldi beteko ditu eta hainbat nobedaderekin dator mugarri garrantzitsu hau ospatzeko: Abonu Denboraldian parte hartzen duten nazioarteko bakarlari garrantzitsuen emanaldiak (Dmitri Makhtin, Alexey Stadler, Varvara) eta Robert Treviñoren agindupean orkestra osoarekin egindako Entsegu orokor irekia, besteak beste.
Zikloa indartsu hasiko da larunbat honetan, urriak 2, eta hurrengoan, urriak 9, orkestraren Kontzertu Denboraldia inauguratzen ari den 'Brahms Fest' ganbera-errepertoriora zabalduko baita lehen bi Matinéeetan.
Larunbat honetan, urriak 2, hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2021/2022 Denboraldia, hogeita hamargarrena, eta zenbaki biribil hori ospatzeko berritasunez betea dator. Ganbera-musikako ziklo hau klasikoa da asteburuko musika-eskaintzan eta Kutxa Fundazioaren laguntza du sortu zenetik.
Edizio berezi honetako plater nagusietako bat orkestraren Abonu Denboraldiko kontzertuetan parte hartuko duten bakarlarien presentzia izango da. Dmitri Makhtin biolinistak eta Alexey Stadler biolontxelojoleak Euskadiko Orkestrak 21/22 Kontzertu Denboraldiari hasiera emateko prestatu duen Brahms Jaialdiaren hedapen bat eskainiko dute lehen bi Matinéeetan (urriak 2 eta 9), Julia Siciliano pianista ondoan dutela. Kategoria horretan bertan, Varvara pianojole handia ere izango dugu otsailean errezital bat eskaintzen, sona handiko gonbidatu gisa.
Aipamen berezia merezi duten beste proposamen batzuk honako hauek dira: orkestra osoak pasa den denboraldian eskaini behar zuen Ravelen obren Entsegu orokor irekiaren berreskuratzea, eta Living Room Music Musika Gelaren ekoizpen arrakastatsua, orkestraren perkusio-sailak egokitzapen batzuekin Miramongo Matinéeetara eramango duena.
Eta, nola ez, orkestrako musikariek osatutako zenbait musika-taldek, tartean Arima Boskotea eta Auskalo Quartet, errepertorio klasikoko obrak eskainiko dizkigute, baita ganbera-musikaren altxor ezkutuagoak ere.
Hona hemen Miramongo Matinéeen Denboraldiko egutegia:
- Urriak 2: Dmitri Makhtin / Alexey Stadler / Julia Siciliano
- Urriak 9: Dmitri Makhtin / Alexey Stadler / Julia Siciliano
- Urriak 23: Hirusta Trio
- Azaroak 6: Izai Ganbera-Taldea
- Azaroak 27: Arima Boskotea
- Abenduak 11: Euskadiko Orkestra (Entsegu orokor irekia)
- Urtarrilak 15: Euskadiko Orkestra Quartet
- Urtarrilak 29: Euskadiko Orkestraren Perkusio-Saila
- Otsailak 12: Varvara
- Otsailak 26: Barrococo
- Martxoak 12: Minerva Laukotea
- Apirilak 2: Ensemble Moderne Érard
- Apirilak 23: Euterpe Boskotea
- Maiatzak 7: Kuadrilla Lagunak
- Maiatzak 21: Auskalo Quartet
- Ekainak 4: Galerna Haizeak
Brahms Fest ganbera-musikan larunbat honetako lehen Matinéean
Euskadiko Orkestrak Johannes Brahmsi eskainitako jai handi batekin hasi du 21-22 Kontzertu denboraldia. Irail amaieran eta urri hasieran konpositore alemaniarraren errepertorio sinfoniko zabala eskainiko du bere ohiko lau hiriburuetan. Tour de force horretan Euskadiko Orkestra lagunduko duten Dmitri Makhtin biolinjolea eta Alexey Stadler biolontxelojolea Miramongo Matinéeen hasiera honetan egongo dira, Julia Siciliano pianojolearekin batera, musika-maratoi hau bi larunbatetan zehar ganbera-errepertoriora ere zabaltzeko asmoarekin.
Lehen Matinéeari hasiera emango dion Biolinerako 2. Sonata 1886an idatzi zuen Brahmsek Suitzako Thun hirian, bertan uda pasatzen ari zen bitartean, eta une oso emankor eta oparo batean zegoenean. Bertako edertasun naturalean oinarrituta dagoen sonata honetaz gain, uda horretan beste hainbat obra ere idatzi zituen: Kontzertu bikoitza, Biolontxelorako 2. Sonata, Pianodun 3. Trioa eta Biolinerako 3. Sonata. Brahmsek Thunen Hermine Spies kontraltoa ezagutu zuen eta erabat maitemindu zen berataz; horregatik, sonata hau, maitasun-gutun bat bezala hartzen da, eta konpositoreak inoiz idatzi dituen melodia jainkotiarrenetako batzuez betea dago.
Bestalde, 1880 eta 1882 artean idatzitako eta kontzertu hau itxiko duen Pianodun 2. Trioak lau mugimendu ditu: lehenengoan, pianoa laguntzaile soil gisa hasten da eta aurrerago protagonismoa hartzen du, eta engainagarriki, obra azken kodan amaierara iristen dela dirudi; bigarrena, malenkoniatsuagoa, Brahmsek hungariar estiloarekiko zuen liluraren adibide bat da; hirugarrena bere intentsitateagatik da nabarmengarria, nahiz eta intentsitate isila izan; eta azkenak estasizko 'finale' distiratsu batera garamatza.
Abonamenduak eta sarrerak
Iaz bere historiako ediziorik zalantzagarriena eta zailena izan ondoren, Miramongo Matinéeen zikloak baikortasun handiagoarekin ekingo dio 21-22 Denboraldiari.
Oraindik indarrean jarraituko dute segurtasun-neurriek, hala nola musukoa nahitaez erabiltzea eta gel hidroalkoholikoarekin eskuen higienea mantentzea, baina edukiera %75era handitu da eta besaulkiak zenbakitu gabe izatera pasako dira berriz. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, beste berrikuntzetako bat da esku-programak formatu fisikoan egongo direla berriz ere eskuragai auditoriumeko sarreran.
Edukiera-murrizketak malgututa ere, ezin izango da sarrerarik saldu Denboraldiaren hasiera honetan (eta kontrakorik esaten ez den bitartean), egungo abonatuekin aretoaren edukiera bete egiten baita. Egoera hori aldatzea espero da eta, hala bada, salgai jartzen diren sarrera solteak 10 euroko prezio bakarrean eskuratu ahal izango dira, euskadikoorkestra.eus webgunean, Kursaal Auditoriumeko leihatilan eta orkestraren Miramongo egoitzako leihatilan (kontzertuaren egunean bertan, 10:30etik aurrera).
Autobus-zerbitzua indarrean
Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko du Matinéetara bertaratu nahi duen ororentzat. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Concerts & Billetterie mai


