Musikazko hiru harri bitxi Euskadiko Orkestra, Accademia Rossiniana eta Donostiako Orfeoiarentzat Abonu Denboraldiko 8. programan

Operatik Stabat Materrera izenburupean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko zortzigarren programa gauzatuko du martxoaren 2tik 9ra bitartean Gasteiz, Donostia, Iruña eta Bilbon. José Miguel Pérez Sierrak zuzenduko ditu kontzertu hauek eta Carmen Romeu sopranoa, Adriana Di Paola mezzosopranoa, Shi Yijie tenorea eta Sávio Sperandio baxua ariko dira bakarlari gonbidatu, Donostiako Orfeoaiarekin batera José Antonio Sáinz Alfarok zuzenduta. Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan, Musikeneko zuzendaritza ikasle talde bat aritu da Abonu programa honetan José Miguel Pérez Sierra maixuarekin ikasten. Partiturak errepasatu, entsaiotara joan, orkestra tarteka zuzendu eta kontzertuetara etorriko dira Musikeneko 10 zuzendaritza ikasle hauek.
Oso ezberdinak eta aldiberekoak diren bi Stabat Mater. Arriagarena, Parisera aldatu baino hilabete gutxi batzuk lehenago idatzia, gizonezkoen ahots eta orkestrarako idatzitako pieza labur baina dotorea da, Mozartiar kutsukoa eta opera-izaerakoa eliza-izaerakoa baino. Rossinirena, berriz, opera utzi ondoren sortua, Madrilera egindako bisita batean enkargatu zion Manuel Fernández Varela artxidiakonoak. Honek Pergolesirenaren parekoa izan zitekeen Stabat Materra nahi zuen. Rossiniren saiakeraren ondorioz bere opera onenen maila berberean dagoen eliza-lan bakarra sortu zen -Meza Nagusi Txikiarekin batera-. Bi Stabat Materren artean, Respighik italiar Errenazimenduko lauderako piezak oinarri harturik sortutako Antiche danze ed arie lanaren 3. Suitea kontzertuaren osagai profanoa izango da.
Euskadiko Orkestra 2012ko urtarrilean OLBEn zuzendu ondoren, José Miguel Pérez Sierra zuzendari madrildarra bueltan dator, oraingoan hainbat solisten partaidetza izango duen kontzertuaren bere ikuspegi pertsonala erakusteko. Italiar errepertorioan aditu José Miguel Pérez Sierrak ikuspegi erromantikoenetik sortutako bertsioa eskainiko digu musikazko hiru harri bitxi hauen inguruan.
Lau bakarlarietatik, bakarrik Carmen Romeu sopranoa izan da aldez aurretik EOS-arekin, 2011ko urtarrilean izan zen OLBEko egitarauaren barne. Bai bera, eta bai Adriana Di Paola, Sávio Sperando eta Shi Yijiek Pesaroko Rossini Jaialdiko partaideak dira. Urtero, abuztuan, Italiako Pesaro herrian ospatzen den jaialdi hau, 1980an jaio zen Rossiniren operak ezagutarazteko, batez ere ezezagunenenak ikuslegoari aditzera emateko.
Kontzertuen aurretik, martxoaren 2 larunbatean goizeko 11etan entsegu ireki bat izango da Kursaalean, DBH zein Batxilergoko ikastetxeetako, musika eta dantza eskoletako, kontserbatorioetako edo Musikeneko ikaslego zein irakaslegoari zuzendua.
Concerts & Billetterie mai


