Jeudi 06 août, 2026

Euskadiko Orkestrak 26/27 Denboraldiari hasiera emango dio Musika Hamabostaldian hiru aldiz parte hartuz

Euskadiko Orkestrak 26/27 Denboraldiari hasiera emango dio Musika Hamabostaldian hiru aldiz parte hartuz

Abuztuaren 7an, orkestrako ganbera-talde batek kontzertu barrokoa eskainiko du Senperen; abuztuaren 12an, Victoria Eugenia Antzokian Arriagaren figura omenduko du orkestrak, Juanjo Menaren batutapean; eta abuztuaren 19an, 300 musikariz osatutako talde erraldoiaren parte izango da Euskadiko Orkestra Berliozen ‘Meza handi’ itzelaren interpretazioan.

Gainera, abuztuan eta irailean Euskadiko Orkestrak hainbat grabazio egingo ditu, horien artean Jose María Sanmartin pianista eta konpositore gasteiztarraren lan sinfonikoaren erregistroa.

Denboraldi Sinfonikoa hasi aurretik, Euskadiko Orkestrak berriro ere presentzia nabarmena izango du Donostiako Musika Hamabostaldian. Hiru kontzerturen bidez, orkestrak bere moldakortasuna eta jaialdiarekin duen lotura estua erakutsiko ditu.

Lehen hitzordua abuztuaren 7an izango da, 21:00etan, Senpereko Larreko Kultur Aretoan, Musika Aitzaki zikloaren barruan. Euskadiko Orkestraren ganbera-formazio batek kontzertu barrokoa eskainiko du, Lina Tur Bonet biolinjole eta zuzendariaren gidaritzapean. Programan Vivaldi, Bach eta Telemannen obrak izango dira entzungai.

Abuztuaren 12an, 20:00etan, Euskadiko Orkestra Victoria Eugenia Antzokira itzuliko da Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioko kontzertu berezienetako batean parte hartzeko: Juan Crisostomo de Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrenari eskainitako omenaldian. Juanjo Mena zuzendariaren eta Easo Abesbatzaren laguntzarekin, orkestrak Bilboko konpositorearen ondare aparta aldarrikatuko duen programan parte hartuko du. Arriagaren talentu goiztiarrak eta heldutasun musikal harrigarriak Europako lehen erromantizismoko konpositorerik berezienetako bat bihurtu zuten.

Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldian egingo duen parte-hartzea abuztuaren 19an amaituko da, Kursaal Auditoriumean, Hector Berliozen Hildakoen Meza Handia (‘Requiem’) interpretatzeko elkartuko diren 300 musikari baino gehiagoren artean. Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak, Easo Abesbatzak eta John Matthew Myers tenorrak bat egingo dute errepertorio sinfoniko-koraleko obra ikusgarri eta monumentaletako bati heltzeko.

 

 

Grabazioak

 

Gainera, abuztuan eta irailean zehar, Euskadiko Orkestrak hainbat grabazio egingo ditu, besteak beste, ohikoak diren euskarazko Gabon kantak, EITBrekin partekatutako proiektuan, eta Jose Maria Sanmartin pianista eta konpositore gasteiztarrari eskainitako grabazioa. Autore hau ahaztuta geratu da eta, hil zenetik 50 urte igaro diren honetan, Euskadiko Orkestrak bere lan sinfonikoaren zati baten grabazio batekin berraurkituko du figura hau.

 

 

Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikoa irailaren 25etik aurrera

 

Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikoa irailaren 25ean hasiko da, Mahlerren Bigarren Sinfonia monumentalarekin. Obra honek larritasun existentzialetik berpizkundearen itxaropenera doan soinu-bidaia proposatzen du. Lucas Maciasek gidatuko du Euskadiko Orkestra ibilbide metafisiko honetan, Jone Martinez soprano bizkaitar gaztea, Nadezhda Karyazina mezzosoprano errusiar‑suitzarra eta Donostiako Orfeoiarekin batera. 10 kontzertutara joatea barne hartzen duten abonamenduak salgai daude uztailaren 1etik, eta Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak irailaren 1etik aurrera erosi ahal izango dira.

Prochains événements

Concerts & Billetterie août

1 Sa
2 Di
3 Lu
4 Ma
5 Me
6 Je
7 Ve
8 Sa
9 Di
10 Lu
11 Ma
12 Me
12 août, 2026 Mercredi, 20:00 h.
Autres activités Quinzaine musicale: Arriaga harrigarria Juanjo Mena Donostia Acheter des billets
Quinzaine musicale: Arriaga harrigarria
13 Je
14 Ve
15 Sa
16 Di
17 Lu
18 Ma
19 Me
19 août, 2026 Mercredi, 20:00 h.
Autres activités Quinzaine Musicale: Requiem de Berlioz Erik Nielsen Donostia Acheter des billets
Quinzaine Musicale: Requiem de Berlioz
20 Je
21 Ve
22 Sa
23 Di
24 Lu
25 Ma
26 Me
27 Je
28 Ve
29 Sa
30 Di
31 Lu